XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ezin nion jakinminari eutsi, eta ile gomaztatu eta traje garbiko gizon haietako bati mihitik tira egitea pentsatu nuen.

Nik itxura erakargarria dut, gaztetatik dakit hau, institutuko lagunek nola begiratzen zidaten konturatu nintzenetik, eta horregatik badakit gizona oso erraza dela liluratzen, ondo eramaten jakinez gero.

Begitxoak ipintzen eta igurtzitxo batzuk egiten hasi nintzaionean, nire ejekutiboak, Luis Antonio izenez baina L.A. denen ahotan, jolasari jarraitu zion, eta, nire senarraren isilik, berarekin geratu nintzen bere gogoa betetzeko eta, bide batez, nik neure jakinmina asetzeko.

Kanpoaldeko hotel ezkutu batera eraman ninduen, eta gure artekoa aspergarri samarra izan zen; irudimenik gabeko gizona zen, bere emazte santarekin bezalatsu jotzen zuen larrua nirekin.

Berehala amaitu zuen eta, bere bilatzaileak jo zuenean, lasterka irten zen bere zereginetara.

Komodako ispiluan korbataren korapiloa egiten ari zen bitartean, zera esan zidan:

- Gelditu, nahi baduzu; egun guztirako ordaindu dut!

Niri beti gustatu izan zait luxua, eta jakuzzidun bainuontzi biribila neuk bakarrik gozatu ahal izateak saltoka jarri zidan bihotza.

Presaka alde egin zuen, eta ni diruak dakartzan poz txiki eta atseginak gozatzera prestatu nintzen.

Burbuilen igurtzi gozatsua ari nintzen sentitzen nire larruazal guztian, oso hurbiletik zetozela ziruditen ahots batzuk entzun nituenean.

Belarria zorroztu nuen eta logelatik irteten zirela jabetu nintzen.